Helduaren indarra

Normalean, ezagutzen duguna eta gure uste eta iritziek ikusten uzten digutena hautematen dugu. Ikusmena zabaltzeko eta geure burua ezezaguna den horretara irekitzeko, niaren alderdi heldua landu behar dugu.

Norberaren buruarekin egin beharreko lana da hori, eta denbora behar du.

Lan horrek bizi guztia hartuko digu.

Bizitzako erronkei aurre egiteko orduan dugun autonomian eta sormenean ageri ohi da helduaren indarra.

Indar horretan ez gaudenean, nahi edo desio dugun horretan zentratuta egon ohi gara. Eta desio duguna lortzen ez badugu, frustrazioak itsutu, eta ezin dugu harantzago ikusi.

Gure alderdi helduak, eragozpena gainditu, estrategia berriak landu, eta errealitatera egokitutako ahalmen berriak erabiltzen ditu.

HELDUAREN INDARRARI esker, gure ekintzak eraginkorragoak dira, eta besteei irekita dagoen oihartzuna sortzen dute; gure ekintzak fokalizatu egiten dira. Hala, gure ahalmen eraldatzaile guztia eskura daukagu errealitate berrira egokitzeko.

Bert Hellingerrek zioenez, konponbideari begiratzen diogunean bakarrik jarduten du intuizioak; arazoari baino begiratzen ez dionaren begirada murritza izan ohi da, xehetasunei erreparatzen die, eta osotasuna galdu egiten da. Konponbideari begiratzen dionak bere begiradan osotasuna hartzen du, eta irteera errazago ikusi ohi da ikuspegi horretatik.